jueves, 19 de enero de 2012

Gatibu

Gatibu Gernika aldeko rock musika taldea da, 2002ko udan sortua, Exkixuko kantari ohi Alex Sarduiren inguruan. Haimar Arejita da gitarra-jotzailea, Frik, Noiz? eta Einbigu taldeetatik igaro ostean. Mikel Caballero, gitarra elektrikoko irakaslea, baxuaz eta sanplerraz arduratzen da, Cartoon Project eta Noiz? taldeetan aritu ondoren. Gaizka Salazar bateria-jotzaileak, Einbigu, Frik eta The Rabid Harpy taldeetan jo du aurretik.
Gitarra eta ahotsa zutabe hartuta, bi disko (Zoramena -2002- eta Disko infernu -2005-) kaleratu dituzte, Gernikako euskaraz. Lehenengoan, Extremoduroko Robek Mila doinu aidien kantan eta Platero Y Tu taldeko Fitok Urepel kantan parte hartu dute, hasiera batean koroak egitekoak ez baziren ere.
Taldeko Kideak:
Alex Sardui
Haimar Arejita
Mikel Caballero
Gaizka Salazar


lunes, 16 de enero de 2012

Egurra ta Kitto

Egurra Ta Kitto 2008ko udan sortu zen taldea da. Hilabeteetan taldea osatzeko jendearen bila aritu ondoren azkenean gure ilusioa bete genuen eta Azpeitiko lokal txiki batean ensaiatzen hastea lortu genuen. Hilabete batzuetan lokalean kantuak sortzen aritu ondoren 2008ko abenduan eman genuen gure lehen kontzertua, hainbat bertsio eta gure 10 kantu joaz.
Gehienak SKA estiloa dute oinarri baina esan daiteke irtetzen zaiguna jotzen dugula estilo finko bati estuki heldu gabe. Taldean aldaketak ere izan ditugu, Ainara baxu-jotzaileak hainbat arrazoigatik taldea utzi eta Gari baxu-jotzaile azpeitiarrak ordezkatu zuen. Haizeei pisu gehiago emateko Aitor tronboijolea ere taldean sartu zen. Egun 6 mutilek osatzen dugu taldea: Aritz abeslari azpeitiarra, Gari baxu-jotzaile azpeitiarra, Orhantza gitarra-jotzaile azpeitiarra, Arretxe tronboijole azpeitiarra, Iñigo tronpetajole ormaiztiarra eta Iñigo Mutiloako baterijolea. Euskaraz abesten dugu hainbat gairen inguruan: Euskal Herriaren zapalkuntza egoera, presoak, tortura, festak, euskera, parranda, maitasuna, sexua, hipokrisia... 2010eko martxoan urola-kostako presoen aldeko martxarako "Pausoz Pauso" abestiaz gain beste 6 kanta grabatu genituen Ondarroako Santos Records estudioan eta "Argituko du" izeneko diska kaleratu genuen. Kontzertu pilla bat eman ondoren, diska berria prestatzeko denbora bat hartu genuen eta 2011ko martxoan estudiora sartu ginen, "Lurrikara" izeneko lan berria grabatzera. 11 kantu ditu diska berriak eta ritmo eta estilo desberdin gehiago landu ditugu.
Taldeko Kideak:

Aritz: Abeslaria.
Gari: Baxu-jotzailea.
Arretxe: Tronboijolea.
Iñigo: Tronpetajolea.
Iñigo: Baterijolea.
Orhantza: Gitarra-jotzailea

Ze Esatek!

Ze Esatek! 2009an Euskal Herrian sortutako rock, reggae eta ska taldea da. Hamar lagunek osatzen dute taldea eta momentuz bi diska kaleratu dituzte. Beste talde batzuetatik etorritako musikari esperimentatuetaz osaturiko taldea da, hala nola Trikizio, The Txortains, Skunk, Harlax edota Nuke taldeetan aritutako musikariak. Taldearen filosofia joaten diren lekuan festa eta parranda sortzea da, jendea giroan sartzea eta mugiaraztea taldearen estilo «ganberroa»-rekin.

Ze esatek! Trikizio taldea eta Txortains taldearen arteko uztarketa da. Ze esatek! 2008ko urrian gauzatu zen, Trikizioko taldekideak eta Txortains taldeko kide batzuek Estatu Batuetara egin zuten bidaia batean. 2008ko abenduan talde guztia batu zen ideia hartatik eta lehen entsegua abenduaren 8an egin zuten. Taldea sortu eta gutxira, 2009ko urtarrilaren 23an eman zuten lehen kontzertua, Iruñean egin zen Korrikaren azken festan.
2010eko martxoaren 4an, beraien lehen diskoa kaleratu zuten, Ze Esatek!.
2010eko azaroaren 6an Amurrion ospatu zen Ikasle Egunerako abestia grabatu zuten, "Ikasle Eguna 2010".
2011ko martxoaren 14an taldearen Facebook orrialdean Xabier Arakamak (trikitia) eta Frank Lopepek (tronboia) taldea uzten zutela esan zuten, beraien proiektuekin aurrera (Trikizio eta Mikel Hats taldeak) jarraitzeko.
2011ko urriaren 2an Azpeitian ospatuko den Kilometroak jaialdirako abestia grabatu dute, Klik izena duena, Mikel Aranburu eta Mikel Labaka futbolariak, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots, eta hainbat haurrekin batera. Kantua eta bideoklipa 2011ko ekainaren 29an aurkeztu zuten.
Urte bereko abuztuaren 12an abesti berri bat aurkeztu zuten, Txori Barrote 25 Urte, Bilboko Txori Barrote konpartsaren 25. urteurrena dela eta. Letra Etxahun Lekuek egin zuen eta musika Ze Esatek! taldeak.
2011ko azaroaren 17an beraien hurrengo albumeko lehen singlea kaleratu zuten, Urriak 11.
2011ko azaroaren 24an euren bigarren diskoa kaleratu zuten, Rock & Ron izenekoa.
Taldeko Kideak:

Mikel Albisu: Ahotsak, Txalaparta
Jabier Rodil: Ahotsak
Iñaki Rodriguez 'Vierbu': Gitarra
Julen Valderrama :Gitarra
Unai Arzelus: Baxua
Unai Frantsesena: Bateria
Antton Albizu - tronpeta
Alexander Arrieta: Saxofoia
Manex Berzosa: Tronboia

Betagarri

Betagarri Gasteizko musika taldea da, 1992an sortutakoa. Hala ere, 1997ko otsailean grabatu zuten haien lehenengo diskoa, Betagarri, Mil A Gritos Records diskoetxearekin.


Gasteizko zortzikoteak erakutsi du badagoela ska-rockarentzat lekua bai Euskal Herrian eta bai gure mugetatik kanpo ere. Ez hori bakarrik: dagoeneko zortzi disko ditu kalean, eta herri zapalduen alde eta gehiegikerien kontrako hitz zuzenak helarazita, gai da plazetan jendea dantzan jartzeko. Hizkuntza eta doinuen mestizajea aldarrikatzen du Betagarrik.
Araban eta Nafarroan, ikatza egiteko aitzinean erabiltzen ziren egur betak dira betagarriak. Eta, taldekideen esanetan, "kaña eman" ere esan nahi du. Horrekin lotuta, taldearen leloetako bat da "dantzan ere iraultza egitea". Hala, 1993an  Gasteizko La Nave Pirata entsegu lokalean L izeneko maketa prestatzen hasi ziren. Maketa horren 1.500 ale saldu zituzten gaztetxe eta tabernetan. Gerora, CDan berrargitaratu zuten. Bi urte eman zituzten kontzertuak egiten, eta 1997an Betagarri (Mil A Gritos) kaleratu zuten Soziedad Alkoholika taldeko kideek berriki sortutako diskoetxean. Euskaraz, galegoz, ingelesez eta italieraz abestuz mestizajea aldarrikatu eta ska, rock, rap, reggae, patxanga eta rantxerak nahastu zituzten. Korroskada eta Bizkar Hezurra taldeetan ibilitako Benjamin Villabella Triku izan zuten ekoizle, eta ordutik bederatzigarren taldekide bilakatu zen. Lan horri jarraitu zion Arren erro zaharra-k (Mil A Gritos, 1998), Eddy Rodriguez Quilley marrazkilariaren manga komiki batek ilustraturiko diskoa. Euskarazko kantuez gain, frantsesezko eta gaztelaniazko bina abesti grabatu zituzten. Horietako bat, Marcos komandanteorde zapatistaren hitzetan oinarritutako "El periodiquerito". Ohiko rock-ska aberatsari hip hopa eta ahots distortsionatuak erantsi zizkioten, eta Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja eta Luis Caminoren kolaborazioak izan zituzten, besteak beste. Disko horretako bateriak Hasier Oleagak grabatu zituen, eta urtebetez aritu zen taldearekin.
Diskoetxez aldaturik, 80/00 (Esan Ozenki, 1999) lanarekin arrakasta itzela lortu zuten. 80ko hamarkadako hogei euskal talderen kantuen bertsioez osatutako lanak 15.000 aletik gora saldu zituen. Ordurako, Euskal Herritik kanpo, Katalunian ere, oso harrera beroa jasotzen zuten. Hasier Oleagak taldea utzi eta Iker Uriartek hartu zituen makilak. Jarraian, Freaky festa (Esan Ozenki, 2000) kaleratu zuten. Bertsioak egitearekin asko ikasi zutela aitortu, eta oinarri erritmikoa sendotu egin zuten, eta rockari protagonismo handiagoa eman zioten. Horren ostean, Remix (Metak, 2001) lanean, aurreko diskoko bost kantu aukeratu eta ska, dance, funk eta dub ukitua eman zieten; gainera, artean argitaratu gabe zeuden bi kantu jaso zituzten: "Herriak du hitza" eta "Iraultzeko prest 01" Ikasle Abertzaleak gazte erakundearen 10. urteurreneko kantua. Esportatzeko modukoak ziren taldearen mezua, jarrera eta musika. Horregatik, atzerrian egiten zituzten kontzertuak biderkatzen joan ziren: Alemania eta Suitzara urtero joaten hasi ziren, esaterako.
Horren premian zeudelako, hurrengo lana Arnasa hartu (Metak, 2002) izan zen. Gitarrak eta aldarrikapen testuak areagotu egin zituzten, eta emaitza indartsuagoa eta rockeroagoa bilakatuz, ska eta reggaetik apur bat aldendu ziren. Luis Llachen "L´estaca" grabatu zuten, jatorrizko hizkuntzan. "Hasieran euskaraz egin genuen Gorka Knorren "Agure zaharra" AEKantuz bildumarako, baina Katalunian behartu gintuzten katalanez egitera" (1). Katalunian zuten eta duten harrera itzelaren erakusle, Zuzenena (Metak, 2004) grabatu zuten Gironako Salt herriko La Mirona aretoan. Zuzeneko diskoarekin batera taldearen gaineko dokumental bat kaleratu zuten DVD formatuan. Horren aurretik, Gonzalo Zaldibarrek taldea utzi eta Aitor Agirrek hartu zuen gitarra. Europa ia alderik alde zeharkatzeaz gain, AEBetara eta Japoniara ere jo zuten, eta 2005ean Alemania, Austria eta Herbehereetarako Basque Fire bilduma argitaratu zuen Alemaniako Jaro diskoetxeak, gasteiztarren ibilbidearen laburpena.
Metaken desagertzearen ondorioz, Oihuka diskoetxera salto egin zuten, Hamaika gara kaleratzeko (2006). Disko hori egin aurretik, Josu Izagirrek Pablo Rodriguez ordezkatu zuen baxuan. Ska doinuez gain, rocka, funka, punka eta popa batu zituzten. Eta euskaraz gain, katalanez bi kantu eta gaztelaniazko bat grabatu zituzten. 2007ko erdialdean, Aitor Ruiz de Arbulok taldea utzi zuen, eta gainontzekoek erabaki zuten gitarra bakarrekin jarraitzea, ordezkorik gabe. Urte horretan, gainera, Hego Amerikan bira egin zuten.
2009an Korrika 16-ren kantua, "Ongi etorri lagun!", egin zuen Betagarrik, Jon Maia bertsolariak sortutako hitzak musikatuz, eta urte berean Bizitzari txistuka argitaratu zuen (Elkar). Dantza egiteko baino gehiago, kantatzeko diskoa dela azaldu du taldeak.

Taldeko Kideak:

Iñaki Ortiz de Villalba: Abeslaria.
Aitor: Gitarra-jotzailea.
David Gabiña: Saxofoijolea.
Gontzo: Gitarra-jotzailea.
Barney Dinosaurioa: Bateriajolea.
Mikel Sanz: Tronboijolea.
Unai Lobo: Tronpetajolea.
Pablo Rodriguez: Baxu-jotzailea.
Iosu: Baxu-jotzaile berria.

jueves, 12 de enero de 2012

La Oreja De Van Gogh




La Oreja de Van Gogh, Donostiako talde musikal bat da. Beraien ibilbide musikala 1996. urtean hasi zen. Hasiera batean, Pablo Benegasek, Alvaro Fuentesek, Xabi San Martinek, Haritz Gardek eta Amaia Monterok osatzen zuten. Azken honek, taldearen hasieratik konpositorea eta abeslaria, taldea utzi zuen bere ibilbidea bakarrik jarraitzeko asmotan 2007an. 2008.urtetik Leire Martinez da taldeko abeslaria.
Nahiz eta Pop estiloko talde bezala identifikatu, donostiar talde honek baeraien bost diskoetan hainbat estilo nahastu ditu.
Ospea, Latinoamerika, AEB eta Europako hainbat herrialdetan, Frantzia eta Italia, zabaltzen da.
Zenbait herrialdeetan lehenengo postura iristea lortu dute kanta hauen bidez: "El 28", "Cuéntame al oído", "Cuídate", "París", "La Playa", "Pop", "Puedes contar conmigo", "20 de enero", "Rosas", "Muñeca de trapo", "Dulce Locura", "En mi lado del sofá", "El ultimo vals", eta "Inmortal".
La oreja de Van Gogh-ek 8 milioi disko saldu ditu eta Espainiako taldeen artean disko gehien saldu dituen taldea izan da XXI. lehenengo hamarkadan. Zenbait sari garrantzitsu ere irabazi izan ditu: Grammy Latinoa, MTV Europa...










Hasieran taldeak ez zuen abeslaririk. Maketa bat egitea erabaki zutenean, konturatu ziren abeslari bat behar zutela, taldekoen ahotsak ez baitziren oso onak. Pablok Amaia ezagutu zuen afari batean, eta taldeko abeslari izatea proposatu zion. Egun batzuk pasatuta, proba bat egin zuen eta berehala erabaki zuten Amaia taldeko abeslaria izango zela. Horrela hasi zen orain arte La oreja de Van Gogh bezala ezagutu den taldea. Lehenengo kontzertua Donostian eman zuten, “El moro” tabernan, tabernaren jabea Amaiaren laguna zen-eta. Artean taldeak ez zuen izenik, eta “Los sin nombre” bezala aurkeztu ziren. Orduan izen baten beharra ikusi zuten, eta “La oreja de Van Gogh” izena jarri zioten taldeari.
Donostiako V Pop-Rock lehiaketan parte hartu zuten. Horretarako maketa bat grabatu eta epaimahai baten aurrean aurkeztu zuten. Ez zuten saririk lortu, ordea. Hala ere, beraien maketa hainbat irratitan hasi zen entzuten. Hurrengo urteari begira maketa hobe bat hasi ziren prestatzen, eta maketa berri horri esker, Donostiako VI. Pop-Rock lehiaketa irabazi zuten. Sari horrek izugarri lagundu zien, abestiak gehiago hasi ziren-eta entzuten.
Maketa hainbat diskoetxetara bidali zuten, baina ez zuten erantzunik jaso, Sony Music diskoetxetik dei bat jaso zuten arte. Abesti gehiago nahi zituzten entzun, eta beraiek gezurra esan behar izan zuten. Ez zuten abesti gehiagorik, baina baietz esan zuten. Bi astean abesti gehiago sortu behar izan zuten, presaka, lehenbailehen aurkezteko. Emaitza bikaina izan zen, eta bete zuten beraien ametsa. Madrilera joan ziren bere lehenengo diskoa grabatzera. Alejo Stivel izan zen beraien ekoizlea, eta Mikel Erentxun eta Txetxo Bengoetxearen partehartzea izan zuten. Azkenean, 1998ko maiatzaren 18an kaleratu zuten “Dile al sol” diskoa.
Hortik aurrera, La Oreja de Van Gogh taldeak arrakasta izugarria izan du. Lau disko kaleratu ditu, 6 milioi kopia baino gehiago saldu ditu mundu osoan, eta hainbat sari eskuratu ditu. Gainera, ehunka kontzertu eman ditu mundu osoan. 2007ko azaroaren 19an La Oreja de Van Gogh taldeak jakinarazi zuen komunikatu baten bitartez, Amaia Monterok taldea utziko zuela eta bere ibilbidea bakarlari gisa jarraituko zuela. Hala ere, La Oreja de Van Gogh taldeko gainontzeko kideek taldean segitzeko asmoa agertu dute. Halaber, iragarri dute 2008an beste disko bat kaleratuko dutela.


Taldeko kideak:
Pablo Benegas: gitarra
Alvaro Fuentes: baxua
Haritz Garde: bateria
Xabi San Martin: teklatua
Leire Martínez: ahotsa

miércoles, 11 de enero de 2012

Ken Zazpi

Ken Zazpi Jon Mikel Arronategik (Exkixuko baxujolea) eta Eñaut Elorrietak (Lugarriko abeslaria) 1996an Gernikan bultzatutako musika taldea da. Orduan, Bi eta bat aurrerapen abestia kaleratu zuten urte hartako "Aurtengo GORakada, 1"-ean, Gor diskoetxearen bilduma diskoan, KEN ZAZPI izenburupean.
2000. urterarte ez ziren lanean serio hasi. Urte horretan gaur egun taldea osatzen duten taldekideak batu eta maketa bat grabatu zuten Muxikan Batiz-en laguntzarekin. Grabaketa hau Iñaki UOHOren etxean burutu zuten.


Jon Mikel Arronategik eta Eñaut Elorrietak sortu zuten Ken Zazpi, 1996ko udazkenean, Gernikan (Bizkaia). Biak herriko beste bi talde ezagunetan aritzen ziren orduan, Exkixun eta Lugarrin, hurrenez hurren. Gor disketxearen Aurtengo gorakada bildumaren lehen aleak eman zuen Ken Zazpiren berri 1997an, "Bi eta bat" abestiaren bidez. Baina 2000. urtera arte ez zioten taldeari behar bezalako arreta eskaini. Orduan gainontzeko taldekideak batu ziren -Igor Artzanegi (baxua), Beñat Serna (gitarra), Iñaki Zabaleta (teklatuak) eta Jon Fresko (bateria)- eta lehenengo maketa grabatu zuten Muxikan (Bizkaia), Iñaki Uoho Platero y Tú taldeko gitarristaren estudioan eta Jose Alberto Batizen (Akelarre, Tapia eta Leturia Band, Fito y los Fitipaldis...) laguntzarekin.
Estraineko lana 2001ean kaleratu zuten, Atzo da bihar (Gor), eta arrakasta itzela izan zen. Guztira 20.000 ale baino gehiago saldu ziren, eta taldea Euskal Herrian oso ezaguna egin zen. "Zenbat min" abestiak ate asko ireki zizkion, baita Lugarri taldearen "Ezer ez da betiko" abestiaren birmoldaketak ere. Gainera, beste bi bertsio dakartza diskoak, Pennywise ("Larrun") eta Muse ("Irri bat") taldeenak. Bi urte eman zuten lan hau zuzenean aurkezten eta 2003ko apirilean Bidean(Gor) argitaratu zuten. Aurrekoa baino soinu gogorragoa du, rockzaleagoa, baina Ken Zazpiren musikaren esentzia den melodia albo batera utzi gabe. Esan daiteke aurrerapausoa izan zela bigarren diskoa, taldea bere potentzialean sinesten hasi zen eta kontzertu asko eskaini zituen, "nahi adina", taldekideen hitzetan. Gor diskoetxearen arabera, disko honetatik 18.000 ale saldu ziren.
2005ean zuzeneko disko akustiko bat grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan, publikoaren hurbiltasuna sentituz. Gelditu denbora (Gor, 2005) diskoak Ken Zazpiren soinua moldatzeko balio izan zuen, eta beste mota bateko apainketak lantzeko: "Guretzako erronka berri bat izan da. Aurreko bi diskoekin nolabaiteko soinu propioa finkatu genuen eta akustiko izate honek erosotasuna aparte utzi eta motibazioa berpiztu digu zentzu guztietan. Beste tinbre batzuk bilatu ditugu, perkusioarekin, mandolinarekin... Agian, aurreko diskoko "Ilargia" eta "Haizea" kantuekin esploratu genuen bide hori azken muturreraino eraman dugu" (1). Disko honi esker Herrialde Katalanetan oso ezagunak egin ziren, eta hori dela eta, bi kantu katalaneraz grabatu zituen Eñaut Elorrietak, "La lluna" ("Ilargia") eta "Poema dels oprimits" ("Zapalduen olerkia"), hango merkaturako espreski egindako berrargitalpen batean. Disko honek marka guztiak apurtu zituen Euskal Herrian eta agertoki berrietara heldu zen taldea, ohikoak zituen herrietako plaza eta aretoetan aritzeaz gain Arriaga, Gayarre eta Principal antzokietan eta Kursaalen jo baitzuen.
Disko honen biraren barruan, 2006. urtean Catalunya-Euskadi futbol partidako atsedenaldian aritu ziren, 70.000 pertsonaren aurrean, Bartzelonako Nou Camp zelaian. Gainera, besteak beste, Amaral, Sidonie eta Bunbury bezalako artistekin Sopa de Cabra talde katalanaren omenezko diskoan parte hartu zuten, "Instant del temps" abestia moldatuz.
2007an, eta diskoetxez aldatu ostean -Gor utzi eta Oihukarekin sinatu zuten-, bueltan etorri zen Ken Zazpi, Argiak deituriko lanarekin. Rafa Sardina ekoizlearen gidaritzapean grabatu zuten Los Angelesen (AEB), eta beraien aburuz, brit-pop, power-pop eta rockaren ukituak ditu. "Gustuko dugu kanpoko musika entzutea eta, dudarik gabe, hemengoa ere bai. Bai kanpoko zein bertako eraginak izatea osasungarria da, beti ere eragin horrek jaten ez zaituen bitartean. Zure nortasuna eta izatea indartzeko balio dute, baina, dudarik gabe, berezko zerbait izan behar da" (2). Ekoizpen aldetik ez du aurrekoen antzekotasun handirik, askoz landuago da eta euskal talde gutxik lortu ahal duten soinua du. Argi gama ezberdinez beteriko diskoa da, Ken Zazpiren pertsonalitate anitzean sakontzen duena.
Disko hau Durangoko Plateruena Kafe Antzokian aurkeztu zuten lehen aldiz zuzenean, Euskal Liburu eta Disko Azoka ospatzen ari zen egunetan hain zuzen ere. Gero, Euskal Herrian zehar jarraitu zuten bira, berriz ere Arriaga antzokian eta Kursaal auditorioan joz, besteak beste. Bira Donostiako Viktoria Eugenia antzokian amaitu zuten 2009ko urtarrilaren 3an, eta kontzertu hura grabatu egin zuten KenZazpi Urte Zuzenean diskoan argitaratzeko. Horrekin batera, taldearen ibilbidea irudiz jasotzen duen dokumentala osatu zuten DVDan argitara emateko. Lana plazaratzeko autoekoizpenera jo zuen Ken Zazpik, Argiak Diskak zigilua sortu baitzuen.



Taldeko kideak:
Eñaut Elorrieta: gitarra eta ahotsa
Jon Mikel Arronategi: gitarra eta ahotsa
Igor Artzanegi: baxua
Beñat Serna: gitarra
Iñaki Zabaleta: trikitia eta teklatua
Jon Fresko: bateria


lunes, 9 de enero de 2012

Nire Aurkezpena

Ni Jone naiz eta 16 urte dauzkat, blog hau sortu dut musika gustatzen zaidalako eta interesgarria iruditzen zaidalako zuekin partekatzea.